Lateralitatea

Zer egiten dugu

Lateralitatea

Lateralitatea da burmuina osatzen duten bi hemisferioen (ezkerrekoa eta eskumakoa) funtzioen banaketa ordenatua. Lateralitatearen prozesua nerbio-sistemaren garapen eta heldutasunaren ondorio da, betiere, zenbait funtzio gutxieneko energia kontsumo egiteko helburuz.

Gizakia organoen sistema bikoitz batek osatzen du, zeina gorputzeko erdiko lerroaren alde bakoitzean banatuta dagoen (bi begi ditugu, bi belarri, bi esku, bi sudur-zulo… ahoa ere, enbriologikoki, bikoitza da, eta egia da ahoaren alde bakoitzean murtxikatze funtzioa ezberdina dela).

Atal anatomiko bikoitzak daudenez, kanpo inguruneari erantzutean, gure gorputzak zein alderekin ekin erabaki behar du une bakoitzean; eta horrela eratzen dira gorputz-menderakuntzak.

Zer da lateraltasun gurutzatua?

Onena lateralitatea era argi eta eraginkorrean finkatzea da genetikoki zehaztutako norbere joeraren arabera, baina kasu askotan, lateralitatearen finkatze egokia desbidera dezakete barne- zein kanpo-faktoreek.

Menderakuntzak era homogeneoan ezartzen badira, hau da, gorputzaren alde batek argi menderatzen badu (esku, begi, belarri eta oinetan eskuin edo ezkerti izan) ondo finkatutako lateralitate batez ari gaitezke, izan eskuin ala ezkerti. Kasu honetan informazioa hemisferio erreferentzialetik irten eta sartzen da modu ordenatu eta arinean. Aldiz, eskuineko aldea gailentzen denean gorputzeko atal batentzat (eskua, esaterako) eta ezkerrekoa beste batentzat (begia, adibidez), lateralitate gurutzatuaz ari gaitezke. Horrek eragiten du informazioaren prozesatzeak bide luzeagoa egitea bi hemisferioen artean bide sentsorialetatik sartzen denetik motor irteeren bideetatik irten arte.

Jaiotzetik hasi eta lehen urteetan zehar, herrestatzearekin hasi eta katamarkarekin jarraipena duen motor-garapenari esker, umeak bi hemisferioen funtzioak integratzen ikasi behar du gorputz kailukararen bitartez; gorputz kailukara baita bi hemisferioak konektatzen dituena. Honek espazioan eta noranzkoan orientatzea ahalbidetuko dio, ezinbesteko baldintza irakur-idazketa ikasteko.

Lehenengo etapan, lateralitatearen aktibazioa txandakakoa da. Ikusmenari dagokionez, etapa hau monokular txandakakoa da. Bizitzako lehen urteetako garapenak berebiziko garrantzia du nerbio-sistema, lateralitatea eta ikusmenaren garapen egokirako.

Gorputz kailukararen lan eskergari esker burutzen da informazioaren joan-etorria; gorputz kailukara nerbio-zuntzek osatutako egitura da eta bi hemisferioen arteko informazioa konektatzen du. Gakoa da lateralitate gurutzatuak haurraren eskola-bizitzan eragina izango ote duenetz ebazteko. Gorputz kailukara arina eta bizia bada, informazioa hemisferioen artean ibiliko da arazorik gabe. Aldiz, gorputz kailukara ez bada oso bizia edo blokeatuta badago, lan handia izango da informazio guztia batu eta egokiro prozesatzea; orduan eragingo du lateraltasun gurutzatuak ikaskuntza motela.

Zeintzuk dira lateralitatearen garapenean arazo bat adieraz dezaketen zantzu edo sintomak?

  • Haurrak azkarra dirudi, baina irakurtzeko zailtasuna du.
  • Agudo nekatzen da irakurtzean. Ez dauka pazientziarik, zapuztu egiten da…
  • Ez da geldik egoteko gai, ezin dio lan berari luzaro eutsi.
  • Hitz, hizki edo zenbakiak desordenatzen ditu edo buelta ematen die.
  • Testuaren lerroa hatzez jarraituta irakurtzen du.
  • Irakurtzerakoan buruko mina eta begietako azkura pairatzen du.
  • Asko hurbiltzen du aurpegia (begiak) irakurgaira.
  • “b” eta “d”, edo “p” eta “q” hizkiak erratzen ditu.
  • Irakurri edo idaztean lauso edo bikoitz ikusten du.
  • Irakurtzean, burua mugitzen du begien ordez.
  • Hitzak eta euren ortografia gogoratzea zail egiten zaio.
  • Irakurtzean, galdu egiten da, lerro edo hitzak saltatzen ditu.
  • Irakurtzen du, baina ez du irakurritakoa ulertzen. Ez daki irakurritakoa kontatzen.
  • Zaila egiten zaio liburu batetik kopiatzea, edo arbeletik eskolan.
  • Tutoretzak eta botikak ez dira eraginkorrak izan bere errendimendua hobetzeko.
  • Ikaskuntza arazoak, dislexia, ADHN… pairatzen duela esaten diote.

Optometria konportamentalak, aipatutako zantzu eta sintomak eragiten dituzten ikusmen-arazoak zuzentzeko, programa pertsonalizatu eta indibidualak aplikatzen ditu. Konturatuko zineten atal honetan aipatutako zantzu eta sintoma batzuk ikusmen-disfuntzioetaz aritzean aipatutako berberak direla. Azterketa optometriko oso batek paziente bakoitzak dituen anomaliak zehazteko balio du. Kausak determinatu eta arazoa diagnostikatu ondoren, burmuinaren bi atalak ordenan jartzeko baliagarria den terapia diseinatzen da, horrela burmuinak askoz hobeto prozesatuko du heltzen zaion informazioa.